Lan
emankorra zor dio euskal literaturak Joan Mari Irigoien
Donostiarrari. Izan ere, 40 urteko ibilbide profesionalean hainbat
jenero landu izan ditu: haur eta gazte literatura, nagusientzako
literatura eta baita poesia ere. Hala ere, bere lanik oparoenak
nagusien nobelagintzan aurki ditzazkegu. Ingeniaritza ikasketak egin
zituen arren, bere lan munduratzea beste zereginetara zuzendu zen:
irakaslea izan da, EITBko pelikulen itzultzailea, Egin egunkariko
zuzentzailea...
Gaztetan
Hego Amerikara maiz bidaiatu zuen eta bertako literatura gertutik
ezagutzeko aukera izan zuen: Garcia Marquez, Benedetti, Vargas
Llosa... Dena den, bere idazlerik kuttunena Juan Rulfo izan da beti.
Kezka existentzialak izaten dira normalean Irigoienen nobelen
ardatza. Halaber, euskal gizartearen eta gertaera historikoen
deskribapenak maisuki tartekatzen ditu. Idazlearen nobela ezagunenak
ondorengoak dira: Oilarraren promesa, Babilonia, Ipuin batean
bezala, Lur bat haratago, Odolean neraman eta Bestea da
mundua.
Guk,
Ipuin batean bezala, irakurtzera gonbidatu nahi zaituegu.
Amodioa eta maitasuna dira eleberriaren ardatza nagusiak. Hala ere,
ez da ohiko amodioa liburuan isladatzen dena. Sara da istorio honen
protagonista. Emakume honen bizitza ez da erraza izan eta bizi izan
dituen maitasun pasadizoak ere ez dira pelikuletan agertzen diren
abentura zoriontsu horietakoak. Sergiorekin maiteminduta dago Sara
eta horrek bizilekuz aldatzera behartuko du, Alpujarretaraino
jarraituko du Sergio. Baina gauzak ez dira uste bezalakoak izango,
Sergiok bertan beste emakume bat ezagutuko duelako. Harreman hori
hautsi ondoren, Sarak Emmanuel ezagutuko du, baita honek bizi duen
drogekiko menpekotasuna ere.
Bikoteen
arteko harremanen zailtasunei buruz idatzi nahi izan du Joan Marik
liburu honetan, harremanen argiak eta baita itzalak ere hartu izan
ditu kontutan, eleberriari errealitate puntu garrantzitsua emanez.
Nahiz eta urteak igaro diren eleberria argitaratu zenetik, zalantza
barik, irakurtzea pena merezi duen liburuetako bat da Ipuin
batean bezala
liburua.