martes, 18 de febrero de 2014
Otsaileko gomendioa
Hilabete honetan gomendatu nahi dizuegun liburua Jon Arretxeren 612 euro eleberria da. Azken urteotan euskarazko literaturaren idazlerik emankorrenen artean aurkitzen da Arretxe. 1963an jaio zen Basaurin eta Deustoko Unibertsitatean Euskal Filologia ikasi zuen. Hau bukatuta, heziketa fisikoko ikasketak burutu zituen eta unibertsitatean irakasle ibili zen. Jon ez da literatur jenero bakarrera mugatu, izan ere, bere lanen aniztasuna nabaria da: haurrentzako ipuinak, gazteentzako literatura, bidaia liburuak... eta azken urteotan jorratu duena: nobela beltza. Jenero horren baitan kokatzen da gomendatu nahi dizuegun 612 euro eleberria, 19 kamera nobelaren jarraipena. Bestalde, idazlearen lanen artean batzuk aipatzearren: Ostegunak, Ostiralak, Larunbatak, Hakuna Matata, Griot, Fatum, Zazpi kolore...
Argitaratutako bi nobela beltz horien protagonista Toure da, Bilboko San Frantzisko auzoan bizi den etorkin afrikarra. Detektibe hasi berria da eta ikertzaile baldarraren itxura hartuko du hasieran. Umorea alde batera utzi gabe, baina aldi berean marjinalitatearen ondorioak ezkutatu gabe, trapitxeoa eta legearen ertzean kokatzen diren ekintzetaz hitz egingo digu Arretxek. Lehendabiziko laneko gai nagusia genero indarkeria izango da, bigarrengoan, aldiz, kokaina pakete baten lapurreta eta kargupean hartuko duten umea. Badira eleberri bietan agertuko diren pertsonaiak, hala ere, ez da beharrezkoa lehendabizikoa irakurtzea bigarrengoaren ildoa jarraitu ahal izateko.
Idazle honen lan guztiak bezala, entretenigarria da eleberri hau ere. Arretxeren gainontzeko lanak irakurri dituenari interesgarri suertatuko zaio idazle honek izandako eboluzioa ikustea. Izan ere, jenero ia guztiekin ausartu da Basauritarrak. Lan honetan San Frantziskoko auzoaren erretratu fidela egiten saiatzen da idazlea. Bilbotar askok bisitatzera ausartzen ez diren auzoaren egunerokotasuna isladatzeko helburua antzemanten da bertan: ematen diren eraso arrazistak, meskita bat irekitzearen aurka altxatutakoak, prostituzioa... Benetan irakurtzea merezi duen eleberria!
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario