martes, 31 de mayo de 2016

Londres kartoizkoa da, hilabeteko eleberria!

“Londres kartoizkoa da” Unai Elorriagak idatzitako eleberria da, 2009. urtean argitaratu zuena. Idazleak Bilbon jaio baina Algortartzat du bere burua. Filologia ikasi eta Labayrun ibili da itzupelgintza lanetan. Hala ere, azken urteotan literatur sorkuntzari eskaini dio bere denbora osoa.
SPrako tranbia izan zen ospea eta oihartzuna eman zion lana. Izan ere, 2002. urtean Espainako Narratiba Sari Nazionala lortu zuen, euskal idazle batek saria jasotzen zuen bigarrengo aldia zen, 1989an Bernardo Atxagari egokitu baitzizaion ohorea. Elorriagaren gainontzeko eleberriak dira: Van´t Hoffen ilea, Vredaman, Iazko hezurrak… Horretaz gain, haur literatura, antzerkia eta itzulpenak egin ditu. Hainbat hedabideetan egin ditu kolaborazioak ere: Aizu, UK, Deia… Espainiako Sari Nazionala irabazi ostean, Estatu mailako hedabideetan idazteko aukera ere izan zuen: El Pais, El Mundo eta La Vanguardia, besteak beste. Hitzaldiak ere eskaini ditu han eta hemen: Madril, Segovia, Oxford...


Irakurle klubean komentatu berri dugun eleberria “Londres kartoizkoa da izeneko” eleberria da. Liburua lau zatitan banatuta dago. Lehendabizikoa luzeena da eta bertan diktadura pairatu duen gizartearen deskribapena egiten da. Ez da, hala ere, detaile sakonetan sartzen, baina idazleak ematen dituen pintzeladekin salbuespen egoeraren erretratua egin dezake irakurleak. Bertako protagonista nagusia Phineas da. Honek herriko hamazazpigarren teilatura bere lagunekin igotzeko ohitura du, bertatik herri osoa begi-kolpe batez kontrola dezakelako.

Istorio berezia da Elorriagak narratzen duena, honen lana deskribatzeko adjektiborik erabilienetako bat “arraroa” izan ohi da. Hizkuntza aldetik irakurterraza da, ez da egitura sintaktiko konplexuetan sartzen eta ez dira esaldi oso luzeak aurkitzen. Hala ere, istorio beraren gora-beherak zertxobait nahasiak dira, liburuak arretaz irakurtzea eskatzen du baina bukatzen denean pena merezi izanaren sentsazioa geratuko zaizue, ziur baietz!


No hay comentarios:

Publicar un comentario