Iban
Zaldua idazlea donostiarra da, gaur egun Gasteizten bizi den arren.
Historia lizentziatura ikasi zuen eta egun, idazteaz gain,
Ekonomiaren Historia irakasten du.
Egilearen
lehenengo obrak 80ko hamarkadakoak dira, hala ere, bere lan nagusiak
90ko hamarkadatik aurrera idatzi ditu. Euskaraz zein erdaraz idazten
du eta bere generorik kuttunena ipuingintza da. Bere obren artean
ondoko hauek aurki ditzazkegu: “Gezurrak, gezurrak, gezurrak”,
“La isla de los antropologos y otros relatos”, “Itzalak”,
“Etorkizuna”...
Adituen
arabera, euskal idazle gutxi dira narrazio oso laburrak edo
mikroipuinak Zalduak bezain ongi idazten dituztenak. Bestalde,
nabarmendu beharra dago idazle honen bereizgarririk nagusiena:
paradoxaren erabilera. Izan ere, gai baten inguruko ipuinak idatzi
ohi ditu, ipuin guztiak desberdinak izan arren gero batu egiten dira
gai nagusi baten azpian. Gomendatzen dizuegun liburu honetan ere
errekurtso hori erabili du Zalduak. Bere obretan fikzioa eta
errealitatea maiz nahasten dira, beste errealitate bat sortuz:
hiper-errealitatea. Azpimarratzekoa den beste ezaugarri bat da
elementu dramatikoei ematen dien ironiazko ikutua.
Ibanen
azken lana ipuinez jositako liburu mardula da, azken hilabeteotan
euskal libururik salduenen zerrendan bere lekua egin duena. Hiru atal
nagusietan banatuta dauden gai desberdineko 38 istorio dira. Batzuk 7
orrialdeko ipuinak dira, beste batzuk, ordea, orrialde batera ia
heltzen ez direnak, baina guztietan Zalduaren estilo propioa
antzematen da. Irakurleak fantasiaz beteriko kontakizunak aurkituko
ditu baina baita euskal gatazka politikora hurbiltzen diren ipuinak ere.
Euskara
jatorrean eta zuzenean idatzita dago baina apaindura handirik gabe,
horrek irakurtzea errazten duelarik. Arin irakurtzen den ipuin
bilduma da, ezinezkoa da aririk galtzea, mikroipuinak izanda hamar
minutu besterik ez baitira behar ipuin bat hasi eta bukatzeko. Ipuin
gehienak bukaera irekia uzten dute, gogoetarako eta eztabaidarako
aukera ematen dutenak, hori dela eta, ikasturte honetan irakurle
klubean komentatuko dugun lehenengo lana hau izango da. Horretarako,
20 ale ditugu liburutegian, nahi duenak har ditzan. Azaroaren 27an,
osteguna, arratsaldeko 18:30ean liburutegian bilduko gara lan honen
inguruan iritziak trukatzeko. Anima zaitezte!
No hay comentarios:
Publicar un comentario