lunes, 23 de noviembre de 2015

Azaroan ezin duzu galdu... Sirena-hotsak eleberria!


Erraz eta gustora irakurtzen den liburua idatzi du Xabier Etxanizek. AEKn irakasle lana sormen literarioarekin uztartzen duen Pasaiatarra da Xabier. Genero gehienak landu ditu: narrazioa, antzerkia, itzulpengintza, kantagintza… Baina guk Sirena-hotsak izeneko eleberrian zentratuko gara.

Lau istorio osatzen dute Etxanizen azken lana. Lehenengoan, edadeko gizon baten zaintzaile Ekuatoriarraren bizipenak ezagutu ahal izango ditugu. Bigarrengoan, aldiz, emakume bat dugu protagonista. Honek, hilda dagoen bere aitaren liburu bat aurkitzen du, familia osoaren iragana kolokan jarri ahal duena. Hirugarrengoan, Estatu Batuetara bidaiatzearekin amesten duen gizonezkoa aurkituko dugu, NBA partida bat ikusi nahi duena. Bukatzeko, gazte garaian Maiatz musika taldea osatzen zuten hirukotea ezagutuko dugu.

Ikusten duzuenez, gai eta pertsonaia desberdinak daude liburu berdinaren baitan. Horrek azkartasuna eta erraztasuna ematen dio irakurketari. Gainera, idazlearen estiloa ez da batere nekagarria, oso narrazio zuzena da, gehiegizko deskribapenetan erori gabe. Hala ere,  istorioaren muina ulertzeko eta pertsonaien izaera ezagutzeko datu nahikoak daude. Beraz, oreka mantentzen duen narrazioa dela esan dezakegu.

Istorioren bat goraipatu beharko izatekotan, lehendabizikoa nabarmenduko nuke. Nobedotsua da Ekuatorreko etorkin baten ahotsa lehendabiziko pertsonan irakurtzea euskal literaturan. Orain arte gutxitan landu den gaur egungo gaia dela iruditzen zait eta nire ustez, Xabierrek enpatia lan handia egin du Fabian etorkinaren azalean jartzeko.

Dena den, hau iritzi pertsonal bat besterik ez da, zuk zurea osatzeko, liburua irakurri beharko duzu! Eta gero noski, gurekin partekatzera etorri. Hitzordua hurrengoa da: azaroak 24, asteartea, arratsaldeko 18.30ean Zallako Udal Liburutegian. Zure zain egongo gara!

No hay comentarios:

Publicar un comentario